Zein dira jardute ohikoenak

Ohikoenak diren jarduerak

Hezkuntza

Kexa ugari izapidetzen dira honako gai hauen inguruan: zentroetako baliabide pertsonal (irakaskuntzakoak eta ez-irakaskuntzakoak) eta material eskasak; hezkuntza-helburu ugarietara bideratutako laguntza ekonomikoei uko egitea (derrigorrezkoak ez diren mailetan eskolatzea, testu-liburuak eskuratzea) edo eskola-zerbitzu osagarri jakin batzuk doan emateari ezezkoa ematea (garraioa, eskolako jangela…); bekak eta ikasketarako laguntzak; eta hezkuntza-instalazioen egoera txarra, ikasleak onartzeko sistema; zigorrak ikasleei; eskola-indarkeria; eta hezkuntza-zentroek gurasoei ematen dieten informazioa.

Erakundeak ezintasuna duten haurren hezkuntza inklusiboaren alde esku hartu du ezintasuna duten pertsonen eskubideei buruzko hitzarmena aplikatuz, eta ikasketako arazoak dituzten ikasleek jasotako arreta desegokiaren inguruan (dislexia duten ikasleak, arreta-faltako eta hiperaktibitateko asaldura dutenak…).

Gizarte-politika

Esparru horren baitan, nabarmentzekoak dira honako hauekin lotutako kexak: adingabeek babes-zentroetan jasotako tratuarekiko desadostasuna; Espainian zein beste herrialde batzuetan adingabeak hartzeko edo abegi egiteko prozeduren iraupena; baliabide eta laguntza-programa gutxi izatea familiei eta arazo espezifikoak dituzten adingabeei dagokienez; adingabeek zentroetan egonaldi luzea egiten dutela nahiz eta arauek lehentasuna ematen dioten familiako harrerari.

Adingabe atzerritarrak

Esparru horretako kexak honako gai hauei lotuta daude: laguntzarik gabeko adingabe atzerritarren adina zehaztea; babesgabetasun-aitorpena eta tutoretzaren irismena eta uztea; legezko bizilekuaren inguruko dokumentazioko arazoak; adingabeen leku-aldaketak autonomia-erkidegoen artean; laguntzarik gabeko adingabeen Erregistro Zentrala; aberriratzeak; eta salerosketako biktima diren adingabeak.

Adingabeak eta justizia

Justiziari dagokionez, kexa ugari honako gai hauen ingurukoak dira: adingabeekin lotutako prozedura judizialak izapidetzeko garaian gertatzen diren atzerapenak; tratu txarren eta sexu-abusuen biktima diren adingabeen inguruko kexak; gurasoetako batek adingabea ostea; arauak hautsi dituzten adingabeak barneratzeko zentroetako tratua; adingabearen administrazioko erantzukizuna; eta lapurtutako haurtxoen kasuak.