Haurtzaroko eskubideak
Pertsonaren duintasunak oinarrizko eskubideak aitortzea eta horiek errespetatzea behar du. Gizaki izateagatik gure izatearekin bat doazen eskubideak ezin dira urratu, eta beraz, 1978ko Konstituzioak ezartzen duen ordena politikoaren oinarria dira; hori baita Espainiako arau gorena.
Haurrek eta nerabeek ere eskubide berdinak dituzte eta babes berezia jaso behar dute. Hala aitortzen du Konstituzioak eta Haurraren Eskubideen Konbentzioak.
Botere publikoek, Konstituzioaren arabera, seme-alaben babes erabatekoa bermatu behar dute, haien kidetzea edozein izanik ere Legearen aurrean berdinak baitira. Gurasoek edonolako laguntza eman behar diete seme-alabei adingabeak diren artean eta legeak ezarritako gainerako kasuetan. Haurren eskubideak jasotzen dituzten nazioarteko akordioetan aurrez ikusitako babesa ere badute haurrek (Espainiako Konstituzioaren 39. artikulua).
1989an Haurraren Eskubideen Konbentzioa onartu zuten eta 1990ean sartu zen indarrean. Konbentzioari esker, haurrak eskubidedun subjektuak ziren, eta ez babes-hartzaile hutsak. Konbentzioaren arabera, haurrak ez dira etorkizun-proiektu hutsak, eskubide osoko pertsonak baizik, baliotsuak, berez, eta haien hazkuntzako eta heziketako etapa guztietan.
Planteamendu horrek ikuspegi tradizionalaren eraldaketa ekarri du; izan ere, haurrei helduen zaintza babeslearen hartzaile pasiboen rola ematen zien ikuspegi tradizionalak, eta orain protagonista aktibo gisa aitortzen ditu, beren bizitzan eragiten duten erabakietan parte hartzeko eskubidea duten subjektu gisa. Haurra norbere iritziak dituen banakoa izatera pasatzen da, dituen gaitasunekin eta heldutasunarekin bat etorriz. Konbentzioak haurrak subjektu eragile gisa hartzen ditu, eta horrek berekin dakar haien ikuspegiak kontuan hartzea.
Hala, Konbentzioak gure Zuzenbidea eta haurtzaroaren gure babes-eredua aldatzera behartzen du (pixkanaka ari dira urrats horiek ematen), haurrak babestera zuzendutako erabakiak ez daitezen hartu “umeentzat” eta “umeengatik”, baina “umeak kontuan hartu” gabe.
Espainiako berretsitako Nazioarteko Itunak gure Zuzenbidean lege maila duten nahitaezko barne arau gisa txertatzen dira, beraz, Konbentzioak aitortutako eskubideak lotesleak eta nahitaezkoak dira eta guztiok errespetatu eta bete behar ditugu, bereziki botere publikoek.
Konbentzioak aitortutako eskubide guztien artetik nabarmendu egin behar dira Haurraren Eskubideen Batzordeak aitortutakoak, gainerako eskubideak aplikatzeko eta interpretatzeko argibide izan behar duten oinarrizko printzipioak. Hauek dira: bereizkeriarik ez izatea (2. artikulua); haurraren interes gorenaren printzipioa (3.1 artikulua); bizitza-, biziraupen- eta garapen-eskubidea (6. artikulua); eta eragiten dioten gai guztietan haurraren iritzia errespetatzea (12. artikulua).
Haurraren Eskubideen Batzordea Konbentzioak sortutako erakundea da, aparteko adituz osatutakoa, eta Estatuek haurraren eskubideak errespeta eta berma ditzaten zaintzen eta gainbegiratzen duena.