Oinarrizko eskubideak

Konstituzioa onartuta, herritarrok justizia, askatasuna eta segurtasuna finkatzeko eta guztion onura bultzatzeko nahia adierazten dugu Konstituzioaren barruan bizikidetza demokratikoa eta legeak bermatzea bilatuz, bidezko ordena ekonomiko eta sozialari jarraiki.

Konstituzioaren lehen artikuluak Espainia Zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoa dela aldarrikatzen du eta lege-sistemako balio goren gisa askatasuna, justizia, berdintasuna eta pluralismo politikoa defendatzen ditu.

Espainia Zuzenbide Estatu izateak legearen aginpidea bermatzea esan nahi du eta legeak herriaren borondatea adierazi behar du. Legeak espainiar eta Espainiako herri guztiak babesten ditu giza eskubideekin, kulturekin, tradizioekin, hizkuntzekin eta erakundeekin lotuta.

Espainia Estatu soziala izateak herritarrok, gure erakundeekin, kulturaren eta ekonomiaren bilakaera bultzatzea xede dugula esan nahi du. Horren guztiaren helburua guztiei bizi-kalitate duina bermatzea da.

Espainia Estatu demokratikoa izateak subiranotasuna Espainiako herrian egotea esan nahi du eta hor dute jatorria Estatuko botere guztiek.

Konstituzionalki ezarritako ordena politiko horren oinarrien artean pertsonari atxikitako eskubideak daude. Bortxa-ezinak dira eta giza duintasuna aitortzeko ezinbesteko gutxienekotzat hartzen dira. Pertsonaren eskubideek, giza eskubideek, norberaren autonomia eta erabakietarako esparrua bermatzen dute. Hau da, norbanako bakoitzaren esparrua aitortzearen dute eta bertan ez dute nahastu behar arrotzak zaizkion instantziek eta horren aurrean Estatuko botereek gelditu egin behar dute.

Jatorrian, autore batzuek, John Locke, Jean-Jacques Rousseau edo Thomas Paine-k kasu, defendatu zuten pertsonaren eskubide batzuk ez daudela kontratuetan edo arau juridikoetan aitortzearen mende, baizik eta giza izaeratik ezin berezizkoak direla eta, beraz, unibertsalki pertsona guztiei egozgarriak direla.

Pertsonaren eskubide horiek testu konstituzionaletan txertatu izanak berehalako ondorioa izan zuen: printzipio filosofikoak zirenak agindu juridiko bilakatu ziren; hau da, giza eskubideak oinarrizko eskubide bihurtu ziren.
Oinarrizko eskubideek oinarrizko mugen multzoa osatzen dute eta horietara egokitu behar dira beti pertsonen edo pertsona taldeen arteko, eta horien eta botere publikoen arteko harremanak. Herritarrok gizaki izateagatik atxikita ditugula uste dugun oinarrizko eskubide horiek gabe ezinezkoa da bizitza duina izatea.

Aipatu behar da oinarrizko eskubideen nozioa bera zentzu bikoitzarekin erabiltzen dela: zentzu zabalean, eta teknikoki ez hain estuan, Konstituzioaren I. Tituluan jasotako eskubide guztiei egiten die erreferentzia; zentzu zorrotzagoan eta juridikoki zehatzagoan, berriz, Oinarrizko Arauak banakoaren estatus juridikoaren nukleo zentraltzat hartzen dituen zenbait eskubide konstituzionaletarako gordetzen da izendapen hori; horiek I. Tituluko “oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen” delako atal jakinean jasorik daude.

Giza eskubideak edo oinarrizko eskubideak unibertsalak dira eta bateraezinak pertsona baten, herri baten, talde baten edo klase sozial baten nagusitasunarekiko. Horien aitorpena ez dago arraza, sexua, erlijioa, iritzia, nazionalitatea edo beste edozein baldintza pertsonal edo sozialen mende. Pertsonari atxikitakoak izanik, ezeztaezinak, negoziaezinak (ezin dira “saldu”) eta ukaezinak dira. Legez Konstituzioaren I. Tituluan aitortzen dira, baina baita nazioarteko itunetan eta gainerako estatuetako konstituzioetan ere.
Gaian sakontzeko, gaur egun sarean eta herriaren defendatzailearen liburutegian erraz eskuragarri dagoen dokumentazioa kontsulta daiteke.